XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Espaloitik korrika nindoala, zenbait kotxeren bozina soinua entzuten nuen oraindik... Pozik, saltoka, etxeratu nintzen!.

Arratsalde hartan Ausartenak taldekoekin nengoela, Beinati hurbiltzeko eskatu nion: - Beinat, proba bat asmatu eta gainditu diat... Hik gainditzen baduk, taldeko partaide izatea lortuko duk!.

Proba hori, semaforoa gorri jartzen zen une berean autoen aurretik pasatzea zela esan nion harroki.

- Hori erraza duk! Eta denon harridurarako, zera erantsi zuen: - Eta nola jakin dezakeagu guk, hik proba hori gainditu duala?.

Burua eta bihotza lehertu behar zitzaizkidala iruditu zitzaidan... Urdea! Nola ausartzen zen amerikar harroputz hura nire hitza zalantzan jartzen? Haserre bizian nengoen.

Baina nire menpekoen aurrean ez nuen gaizki gelditu nahi eta ahots apalez baina ziurrez erantzun zion: - Nik hirekin batera egingo diat berriro proba hori... Gaur arratsaldeko bostetan, zinetokiaren ondoko semaforoan itxoingo diat!.

Eta besterik gabe, bizkarra emanez, aldegin nuen handik.

Nire taldekoek atzetik jarraituko zidatela uste nuen, baina Beinaten ondoan gelditu ziren.

Harriturik utzi ninduen jokabide hark.

Min eman zidan benetan! Proba hura beraz, duelu bat bihurtu zela konturatu nintzen eta denok genekien duelu hartatik irtengo zela Ausartenak taldearen aintzindaria.